domingo, 18 de enero de 2015

Autoak Maite Zituen Mutikoa



Bazen behin, mutiko bihurri zamar bat autoak ikaragarri maite zituena. Beti zebilen bere jostailuzko kotxeekin jolasten, edo merkatuan zegoen autoen azken bideo jolasarekin jolasean, telebistan kotxe lasterketak ikusiz... Bere amak beti esaten zion kalera irteteko eguraldi aparta zegoela, pilotaka jolasteko, mendira joateko… baina berak autoak besterik ez zituen buruan.



Uda erdia etxetik irten gabe egon ondoren, gurasoek kotxeen inguruko gauza guztiak debekatu eta kalera irtetera behartu zuten. Mutikoa haserre bizian zegoen, ez zuen ulertzen zergatik ez zioten uzten etxe barruan autoen inguruko gauzekin jolasten, kalean egotea aspergarria zen, bere gurasoek ez zeukaten hori egiteko eskubiderik. Mutikoak erabaki bat hartu zuen,  bere gurasoek bera kalean egotea nahi bazuten, basora joango zen bizitzera.



Bere lo egiteko zakua, bere jostailuzko autorik gustukoenak, zegoen txokolate guztia motxilan sartu eta etxetik ihes egin zuen. Mendia gora zihoala behin da berriz esaten zion bere buruari, gurasoek ez zekitela ezer, ez zeukatela arrazoirik, natura txorakeria bat zela. Autoak zirela bizitzan garrantzitsu eta beharrezkoena, edonor bizi zitekeela basoan eta egurrezko etxolatxo bat egin. Bere gurasoei natura tontakeria bat zela erakusteko prest zegoen.



Iluntzen zioan heinean tenperatua jaisten hasi zen. Mutikoa hotz eta gose zenez, zuhaitz erraldoi baten azpian eseri zen, zeukan txokolate guztia jan, lozakua atera eta bertan sartu zen lo egiteko asmoz. Gaua aurrera zioan eta mutikoak esna jarraitzen zuen, beldurtuta zegoen, basoa soinu arraroz beterik zegoen, berak etxean egon nahi zuen ohe barruan goxo-goxo. Bat batean pausuak entzun zituen, hasieran bere gurasoak bila etorri zitzaizkiola pentsatu zuen eta poztu egin zen, baia berehala konturatu zen pertsona gaiztoren bat izan zitekeela. Zaku barruan ezkutatu eta isil-isilik geratu zen. Zuhaitz artetik gizon erraldoi bat azaldu zen, ile eta bizar luze-luzeak zituen, makulu arraro bat zeraman eskuan eta arropa animalien larruz egina zeukan. Mutikoari begira geratu zen.



-         Mutiko, zer egiten duzu hemen? – Galdetu zion isiltasuna hautsiz.



Mutikoak dena kontatu zion.



-         Beraz, etxetik ihes egin eta basoan bizitzea erreza zela uzte zenuen? Ni basoko jauna naiz, azken jentila, bertan bizi naiz, natura ez da tontakeria bat polita eta arriskutsua da. Etorri nirekin eta erakutsiko dizut.





Mukikoak ez zekien zer egin, baina ez zuen berriz bakarrik geratzeko gogorik, bere traste guztiak hartu eta Basajaunekin joan zen. Mendian gora zihoazela zuhaitz mota desberdinak ikusi zituzten, haritzak, gaztainondoak, pagoak…



-         Hau intxaurra da – esan zuen basajaunek fruitua eskuan hartuz – Abere askoren janaria da. Begiratu gora, zuhaitzaren tontorrerantz, ikusten duzu zer dagoen bertan?

-         Nik ez dut ezer ikusten – erantzun zion mutikoak.

-         Basoaren magia ikusteko, ondo ireki behar dira begiak. Han zuhaitz adarrean, urtxintxa bat dago.



Mutikoak berriz begiratu zuen eta bertan ikusi zuen urtxintxa txikia intxaur oskola apurtu ezinik.



Ibili eta ibili zihoazen mendian gora, mutikoa aspertzen hasi zen eta ostiko bat eman zion perretxiko bati.



-         LANDAREAK EZ DIRA APURTZEN!!! – Oihu egin zion jentilak haserre bizian.



Mutikoa izututa, mutu geratu zen.



-         Landareak abere askoren janaria dira, baita gurea ere. - azaldu zion lasaiago- Perretxiko batzuk pozoitsuak dira, baina hauek oso gozo daude. Batu ditzagun gero jateko.



Mutikoak arreta guztia jarri zuen agindutako lanean eta ez zen konturatu Basajaun urrundu zenik, bere atzealdean zerbaiten orroa entzun zuen arte. Buelta eman zuenean otso bat zegoen hortzak erakutsiz, korrika hasi eta bere gainera salto egin zuen. Mutikoa oihuka hasi zen laguntza eske, otsoa hozka egiteko prest zegoenean Basajaun azaldu zen.



-         Alde hemendik!!!- esan eta otsoa uxatu zuen.



Mutikoa izututa zegoen, negar zotinka.



-         Lasai mutiko, ez da ezer gertatzen. Basoa arriskutsua da, baina nik babestuko zaitut. – Mutikoa pixka bat lasaitu zen – Zerbait daukat zuretzat.



Basajaunek patrikatik harri arraro bat atera zuen, barraskilo mazkor antzeko bat zeukan marraztuta.



-         Hau fosil bat da, milioika urte ditu eta munduaren hasierako zerbaiten aztarna dauka. Zuretzako da, natura ahaz ez dezazun. – esan zuen mutikoari emanez.



Bidean aurrera zihoazela orein bat azaldu zitzaien, adar izugarriak zeramatzan buru gainean. Basoko Jauna beregana urreratu zen, poltsikotik zerbait atera eta jaten eman zion, mutikoa zur eta lur utziz.



-         Ukitu dezaket? – galdetu zion mutikoak Jentilari.

-         Berari galdetu iezaiozu.

-         Uki zaitzaket?



Oreinak burua gora eta bera mugitu zuen, proposamena onartuz. Mutikoak hurbildu eta burua laztandu zion.



-         Oso polita zara – esan zion.

-         Nekatuta egongo zara, hemendik ez oso urrun kobazulo bat dago, bertan hartuko dugu atseden.



Kobazulora heltzean sua egin eta perretxikoak jan zituzten. Mutikoa lo geratu zen Basajaunek ipuinak kontatzen zizkion bitartean.



Astrapala handi batek esnatu zuen mutikoa, eguna zen, zuhaitz azpian zegoen berriz lo zakuan sartuta eta bere inguruan jende pila bat zegoen.



-         Ei mutiko,  ondo ahal zaude?- galdetu zion batek.

-         Zure bila daramagu gau guztia- esan zion beste batek.



Mutikoa bere gurasoekin eraman zuten eta hauek bera ikustean, besarkada handi bat eman zioten, oso larrituta bait zeuden. Jendeari bizitako abentura guztia kontatu zien mutikoak, inork ez zion sinetsi, baina etxera iriztean, poltsikoan mazkor aztarna zuen harria aurkitu zuen bizitakoaren oroigarri giza.



Mutikoa nagusitu egin zen, ez zuen galdu autoengan zuen maitasuna, bere lana hauek eraikitzean zetzan, baina tartetxo bat zeukan bakoitzean basora joaten zen naturaz gozatzera.

5 comentarios:

  1. En este no se que comentar, lo vuelvo a leer y no se me ocurre que escribirte

    ResponderEliminar
  2. Es un cuento, quiza debería comentarlo alguien de la edad de ainhoa....

    ResponderEliminar
  3. un cuento con un mensaje que no tengo claro que entendería, pero un cuento al fin y al cabo

    ResponderEliminar
  4. También hay q tener en cuenta que es un encargo o algo así , y tenía q aparecer basajaun...

    ResponderEliminar
  5. Un encargo? Si basajaun parece, pero dudo muchas veces de si los niños entienden el mensaje de los cuentos que se les cuentan

    ResponderEliminar